“Hazitik gora” izan da Euskal Eskola Publikoaren 29. Jaiaren leloa. Beronen bidez Arabako Errioxako ikastetxe publikoak balorean ipini nahi ditugu, bizitzen ari diren eraldaketa prozesuak aitortuz eta gizarteratuz.
Hiriburutik urrun egon arren eta Errioxako mugan, gainontzeko ikastetxe publikoak bezala elementu ezinbestekoak dira herritar guztiei kalitatezko irakaskuntza euskalduna eskaintzeko. Euren tamaina txikia ere abantaila bat da ikasle bakoitzaren beharretara hobeto egokitzeko. Horretaz gain, sarean egiten dute lan, praktika onak konpartituz elkarrengandik ikasten.
Irudiari dagokionez, ernamuintzen ari den hazi irudikatzen du kolore desberdinekin, Arabako Errioxako eskola publikoak bizi duen eraldaketa prozesua islatuz. Humanos Unidos-eko Miguel Angel Herrera da autorea, eskola publikoko aita hain zuzen ere.